Pasa den otsailaren 28an eta 29an, DBH 1. mailako ikasleok Nafarroako Museora bisita egin genuen, Nafarroako Historiaurrearen testuingurua eta bertan gordetzen diren aztarnak ezagutu eta aztertzeko asmoz. 

Museora joan aurretik, ikasgelan, arkeologoak bagina bezala, aztarnak aztertzen hasi ginen, oso informazio gutxitik abiatuta, helburua pieza horien inguruko hipotesiak egitea zelako: zein garaikoa izango ote da? Zertarako erabiliko ote zuten objektu hau? 

Behin Museoan, Olaia eta Oier teknikariek Paleolitoan, Neolitoan eta Metal Aroan barna bidaian eraman gintuzten, nolako tresnak erabiltzen zituzten azaldu ziguten, eta Nafarroan Historiaurreak zer berezitasun izan zituen ezagutarazi ziguten. 

Amaieran, talde bakoitzak, egokitu zitzaizkion aztarnak bilatu behar zituen, eta aztarna horien inguruko informazio bilketa egin. Modu honetara, ikasgelan, gure hipotesiak berrikusi egingo ditugu, frogatu ala ezeztatu behar ditugun jakiteko. Behin lan honekin bukatzen dugula, prentsaurreko batera deituko ditugu kazetariak, gure aurkikuntzen berri emateko.