Eskaintza akademikoa 2024-2025

HAUTAZKOEN INFORMAZIOA
Biologia eta Geologia

Irakasgai hau Osasun Zientzietako arloko irakasgai tronkala da. Hemen informazio zientifikoa adierazten da,  zenbait proiektuetan aplikatzeko eta gure gizartean sortzen diren ingurumen arazoak aztertzeko. 

Biologia eta geologia ikasgai lotura handia izango du bigarren batxilergo biologia irakasgaiarekin eta anatomia aplikatua irakasgaiarekin, zenbait edukien sarrera izango baitira hurrengo kurtsoan sendotzeko, besteak beste biokimika, zitología edo metabolismoa.

Unitate guztietan eduki hauek sendotzeko laborategia erabiliko da, zenbait proiektu zientifiko aurrera eramaten.

Ekonomia

Irakasgai honen helburua ikasleei bizi duten testuingurua ulertzeko beharrezkoak diren ezagutza ekonomikoak ematea da, haien interesa piztea eta norberaren errealitatean jardutera eta ondorio ekonomiko eta finantzarioak dituzten erabakiak modu arrazoituan eta arduratsuan hartzera bideratutako ekimenak sustatzea.

Ekonomia, Ekintzailetza eta Enpresa Jarduera

Irakasgai honen bidez, ikasleek egungo errealitate ekonomikoari buruzko kasuen azterketatik abiatuta azterketa kritikoak eta oinarrituak egiteko euskarri teorikoa izan dezaten beharrezkoak diren kontzeptu ekonomikoak eta enpresarialak eman nahi dira. Horrez gain, bizitzako hainbat esparrutan eragiten dituen ondorioak baloratu eta ikaskuntza horiek baliatu nahi dira gizartearekiko jarrera proaktiboa eta konprometitua sortzeko eta ongizate kolektibo zein indibidual handiagoa bilatzeko.

Fisika eta Kimika

Batxilergo lehenengo mailako Fisika eta Kimika irakasgaia bi ataletan banatu egiten da: Kimikako atala alde batetik eta Fisikako atala bestetik. Batxilergoko lehenengo maila honetan, alde batetik aurreko ikasturteetan bereganatutako edukietan sakondu egiten dute eta, bestalde, bigarren mailan ezagutzea beharrezkoak izango dituzten eta ordura arte ezezagunak dituzten eduki berriak bereganatuko dituzte (erreakzio kimikoen etekina, higidura parabolikoak, sistema konplexuen azterketa dinamikoa…).

GZei Aplik Matematika I

Helburua du, ezagutza matematikoak egoera ezberdinetara aplikatzea, zientzia sozialen eta giza zientzien fenomenoak eta prozesuak interpretatzeko eta eguneroko jardueretan erabiltzeko.

Aritmetika eta Aljebra (Zenbaki errealak, Aljebra), Analisia (Funtzioak, Funtzioen limiteak, Deribatuak eta bere aplikazioak), eta Estatistika eta probabilitatea landuko dira.

Matematika I

Helburua du, ezagutza matematikoak zientzietako egoera ezberdinetara aplikatzea. Ikasgai honetan landuko dira Aritmetika (zakiak, erroak), Aljebra (ekuazioak), Geometria (bektoreak), Trigonometria (sin, cos, tan) eta Analisia (funtzioak).

Matematika orokorrak

Batxilergoan agertuko diren  egoera matematikoen interpretazioa eta analisia du helburu. Jarraipenik ez duenez, Aljebra(ekuazioak eta inekuazioak, programazioa, matrizeak eta grafoak), Estatistika(dimentsio bakarrekoa eta bi dimentsiokoa), Probabilitatea eta Analisia (oinarrizko funtzioak, limiteak eta deribatuak) landuko da. Ibilbide akademikoan matematika oso sakonak behar ez dituzten ikasleentzat edo eginen dituzten ikasketak zehaztu gabe dituzten ikasleentzat gomendagarriak.

Greko I

Greko ikasgaiaren helburu nagusia da kontzientzia kritiko eta humanista bat garatzea, hortik abiatuta ulertu eta aztertu ahal izateko heleniar zibilizazioak europar identitateari egin dizkion ekarpenak. Hori eginen da lehen mailako iturriak irakurriz eta ulertuz eta itzulpen teknika batzuk bereganatuz. Teknika horiei esker, hain zuzen, ikasleek antzinako Greziara iristeko iturri horiek erabiltzen ahal dituzte, zeinak ikasgaiaren alderdi nagusiak ezagutzeko, ulertzeko eta interpretatzeko tresna pribilegiatuak baitira. Horregatik, ikasgai hau hiru ardatzen arabera egituratzen da: testua, hura ulertzea eta itzultzea; heleniar mundura modu kritikoan hurbiltzea eta greziar zibilizazioaren ondarea eta legatua aztertzea.

IKT: Informazio eta Komunikazio Teknologiak

Azken hamarkadetan, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek aldaketa sakonak eragin dituzte giza jardueran, Teknologia horietan oinarritutako aplikazioak ugaritu direnez eta gero eta gehiago erabiltzen direnez, zeregin errepikakorrak eta sormen-prozesuak digitalizatzen joan dira pixkanaka.

Ikuspegi konpetentziala lortzeko, jakintza horietako batzuk proiektu kontestualizatuen bidez landuko da, ikasleek horietan aplika ditzaten eduki bat sortzeko (dokumentua, bideoa, irudia…) edo aurrez planteatutako arazo edo behar bati irtenbide teknologikoa emateko ezagutza teorikoak.

Latin I

Latin ikasgaiaren helburu nagusia da kontzientzia kritiko eta humanista bat garatzea, hortik abiatuta ulertu eta aztertu ahal izateko latindar zibilizazioak europar identitateari egin dizkion ekarpenak. Hori eginen da lehen mailako iturriak irakurriz eta ulertuz eta itzulpen teknika batzuk bereganatuz. Teknika horiei esker, hain zuzen, ikasleek antzinako Erromara iristeko iturri horiek erabiltzen ahal dituzte, zeinak ikasgaiaren alderdi nagusiak ezagutzeko, ulertzeko eta interpretatzeko tresna pribilegiatuak baitira. Horregatik, ikasgai hau hiru ardatzen arabera egituratzen da: testua, hura ulertzea eta itzultzea; latindar mundura modu kritikoan hurbiltzea eta latindar zibilizazioaren ondarea eta legatua aztertzea.

Literatura Unibertsala

Irakasgai honetan kultura unibertsalaren erreferentzia bilakatu diren testu literarioak irakurtzen ditugu, idazlanen testuingurua, gaiak, edukiak eta ezaugarri estilistikoak zehaztuz eta literaturaren eta beste arteen arteko loturak, antzekotasunak eta ezberdintasunak interpretatuz. Irakasgaiak bi atal nagusi ditu: teoriaren ikasketa eta irakurgaien analisia.

Marrazketa Teknikoa I

Marrazketa Teknikoaren xedeen artean dago, modu berariazkoan, ikaslea objektibotasunez grafikoki komunikatzeko gaitasunez hornitzea, non eta gero eta mundu konplexuagoan, oraingo eta etorkizuneko premiak ase beharrez produktuen diseinuaren eta fabrikazioaren beharra baitu. 

Lehen mailan, Marrazketa Teknikoarekin ikusteko duten trebetasunak landuko dira, komunikazio mintzaira eta errealitatea ulertzeko, aztertzeko eta itxuratzeko oinarrizko tresna den aldetik: Geometria, Irudikatzeko sistemak eta Normalizazioa. 

Xedea da ikasleak Marrazketa Teknikoaren oinarrien ikuspegi globala izatea.

Mundu Garaikidearen Historia

Ikasgaiaren helburua ikasleei historia garaikidearen ikuspegi zehatza eta erabilgarria ematea da, beren ingurune errealaren analisia eta bizitza sozialean partehartzea sustatzeko. Horretarako, metodologia historikora hurbilduko dira, iturri historikoak landuz.

Halaber, landutako ezagutza eta pentsamendu kritikoa adierazteko gaitasuna lortuko dute eta, ikerketa proiektuen bidez, XXI. mendeko erronka nagusiak ezagutuko dituzte, edozein motatako menderatze edo diskriminazioaren aurkako borrokari arreta berezia eskainiz.

Teknologia eta Ingeniaritza I

Gaur egungo gizartean, ingeniaritza enpresek egiten duten teknologiaren garapena da bilakaera soziokulturala egituratzeko ardatzetako bat. Azkenaldi honetan, teknologiak –beharrei soluzio eman nahi dien ezagutza eta teknika multzo gisa ulertuta– gero eta garrantzi handiagoa du gizartearen hainbat esparrutan. Horregatik, hautazko ikasgai hau oso interesgarria da Ingenieritza bat edo Goi Mailako Ziklo Formatibo tekniko bat egiteko asmoa izanez gero. Proiektuen bidez landutako jakintzak dira: Ikerketa eta garapen proiektuak, Materialak eta fabrikazioa, Sistema mekanikoak,  Sistema elektriko eta elektronikoak, Sistema informatikoak. Programazioa, Sistema automatikoak eta Teknologia jasangarria.

Adierazpen Artistikoa

Marraztea zein errepresentazio grafiko bat sortzea behatzeko, hausnartzeko eta irudikatzeko prozesu interaktibo bat da. Prozesu horrek hasierako teknika bat eskatzen du, haren baliabideak eta funtsezko elementuak ezagutzea, eta etengabeko entrenamendu- eta praktika-ariketa bat egitea, hauxe da AD-ren funtsa. 

Ikasgai honetan  ezagutza teorikoak, teknikoak zein estetikoak lantzen dira, pentsamendu dibergentea bultzatuz eta oinarri teoriko eta praktikoez gain, sormena, ikerketa izpiritua eta etengabeko prestakuntza sustatuz.

Anatomia Aplikatua

Anatomia Aplikatua delako irakasgaiaren helburua da ezaguera zientifikoak ematea, giza gorputza eta giza motrizitatea ulertzen lagunduko baitute, gorputzeko arte-adierazpenei eta osasunari dagokienez.

Alderdi praktikoak garrantzi handia izango du ikasgai honetan, urtean zehar organo desberdinetako disekzioak egingo dira, besteak beste artikulazioak, burua, bizkarrezurra, giltzurrinak eta birikak. Metodologia erabat kooperatiboa izango da, taldeka lan egingo da eta ikasleei irakaskuntza prozesuan paper garrantzitsua emango zaie.

Frantsesa I

1DBHtik batxilergoko 2. mailara, frantses hizkuntzan komunikatzeko gaitasuna garatzen da ikasgaian, modu  progresiboan eta ezagutza sozio-kulturalak uztartuz. Batxilergoan DBH-n landutakoaren jarraipena egiten dugu, ikasle bakoitzaren abiapuntua kontutan hartuz beti ere. 

Urrutiko Hizkuntz Eskolarekin kolabaratzen dugunez, aukera dago A2 eta B1 tituluetarako azterketak prestatzeko.

Nafarroako Gª. eta Hª.

Nafarroako Geografia eta Historia ikasgaiaren helburua da ikasleek bizi diren lekua ezagutzea eta balioestea.

Pentsamendu historikoaren ikuspegiak bizi den errealitatea behatzen, interpretatzen eta ulertzen laguntzen du, eta geografiak pertsonen eta lurraldearen arteko elkarreragin eta interdependentzia konplexuak aztertzen ditu, bizi diren espazioa deskubritzeko.

XXI. mendean Nafarroak dituen erronka eta arazo nagusiez aritzea funtsezkoa da ikasleen heldutasun intelektuala eta pertsonala gauzatzeko. Iragana aztertzea, aurretik izan ditugun emakumeen eta gizonen esperientzia indibidualak eta kolektiboak, ezinbesteko erreferentzia da egungo mundua ulertzeko. Gainera, legatu aberatsa da, eta aintzat hartu, kontserbatu eta transmititu egin behar da, aurreko belaunaldien memoria kolektibo eta ikaskuntzarako iturri baita.

Euskara Hobetzen

Bi dira hautazko ikasgai hau eskaintzeko arrazoiak. Lehena, ikasleek komunikatzeko gaitasuna —idatzizkoa nahiz ahozkoa— ahalik eta gehiena gara dezaten, egungo gizartean gero eta garrantzitsuagoa baita gaitasun hori landuta izatea. Eta bigarrena, C1 probarako berariaz trebatzeko aukera eduki dezaten.

Oral Presentations and Projects

Proiektu metodologiarekin ikasleek, ingelesa hobetzeaz gain, egoerak erakagarriak eta aberasgarriak biziko dituzte, zentzu kritikoa lantzen. Besteen artean aldizkaria sortzea, liburu azala diseinatzea, filma bikoiztea, ikasbidaia antolatzea, errezeta-liburua egitea edo irrati-programa igortzea.