Euskara

Euskara lan hizkuntza izateaz gain, komunikazio hizkuntza bihurtu nahi dugu. Ikasleria, euskara bere bizitzaren alor guztietan erabiltzeko gai izatea da gure xedea. Horretarako ikasturtean zehar eta une eta gune jakinetan hainbat jarduera antolatuko ditugu.

Errespetua

Errespetua elkarbizitzaren ardatza iruditzen zaigu. Besteekiko eta beraien iritziekiko, inguruarekiko eta nork bere buruarekiko errespetua landu eta bultzatuko dugu.

Kontsekuentea izatea

Bakoitzaren jokaera, iritziak eta ahalmenak bat etor daitezen (kontsekuente izan), behar diren jarduera eta baliabide guztiak jarriko ditugu. Bide berean, nork bere ekintzak modu librean egitearen ondorioen ardura bere gain hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu.

Elkartasuna

Gizakion arteko elkartasuna bultzatuko dugu.

Autonomia

Nor bere buruaren jabe eta bere kabuz aritzeko gai (autonomoa) izan dadin behar diren jarduera eta baliabide guztiak jarriko ditugu.

Norberaren ezagutza, onarpena eta zaintzearen ardura

Nork bere burua ezagutu, onartu eta zaintzearen ardura bultzatzeko behar diren jarduera eta baliabide guztiak praktikan jartzen saiatuko gara.

Metodologia

Hori guztia lortzeko erabiliko dugun metodologia, malgua eta irekia, dinamikoa eta esanguratsua, pertsonalizatua, partehartzailea eta integratzailea izango da.

Giroa

Testuinguru honetan giroa ezinbestekoa iruditzen zaigu; horregatik, giro atsegina, gertukoa eta, era berean, langilea hedatu nahi dugu.

 Lana egoki egiteko giro aproposa izatea ezinbestekoa da, eta ASKATASUNAn horrelako giroa izaten saiatzen gara, gure lana ahalik eta hobekien egiten saiatzen garen bezala. Horregatik, desadostasunak, gaizki ulertuak, kritikak… argi eta garbi eta era egokian azal itzazu. Ez gorde ezer, horrek giroa kaskartzen du-eta.

 Gurasoekiko harremanak

Askatasuna Institutuak gurasoekin harreman positiboa eta etengabea sustatuko du. Hezkuntza, gure ustez, Eskola Komunitateko kide guztien eginkizuna da. Institutuko toki guztietatik Hezkuntza kontzeptua “integratuko” duten ekintzak bultzatuko dira.

 Ikastetxetik aita eta ama etortzeko eskatzen dizuegunean, ahal izatera, biok etortzea aholkatzen dizuegu. Bikotea bereizturik baldin badago, institutuak ikaslearen tutoretza duen pertsonari deituko dio.

 Oharra: Ikastetxeko Hezkuntza Proiektu osoa eskura duzue zuzendaritzan.