Gure ikastetxea, “Askatasuna” Bigarren Hezkuntzako Institutua, 1995-1996 ikasturtean sortu zen, DBH etapa berria hasi zen garai berean, gure eskola-barrutiko D ereduko institutua izateko. Urte hartan, Lehen Hezkuntzako ikasleekin partekatu genuen eraikina, baina haiek berehala “Ermitaberri” LHIra joan ziren.

1980-1981 ikasturtean ASKATASUNA-LIBERTAD zentro berrira aldatu ginen. Villa de Lanz eta prefabrikatuak itxi ziren, eta Burlatako goiko aldean bizi zirenak Hilarión Eslavara (gaur egun Ermitaberri) joan ziren, eta behealdean bizi ginenok Askatasuna-Libertad ikastetxera. Biek E.G.B gaztelaniaz ematen zuten, ez zegoen beste aukerarik.

Villa de Lanz egoitzan geundelarik zentro berriaren izena aukeratu genuen eta hainbat aukera zeuden, hala nola “Ibaiondoa”, “Camino del Cementerio”,  “Askatasuna”… eta ez dut gehiago gogoratzen. “Askatasuna” atera eta “Askatasuna-Libertad”  geratu zen.

Silvia Iriarte Lecumberri (ikasle ohia)

Ikastetxe berria, etapa berria eta baldintza berriak ziren. Hasieran txikia izanik, irakasle gutxi ginen eta horrek lankideen arteko harremanak indartu zituen. Garai haietatik heldu da ardurak banatzeko eta egitasmoak partekatzeko ohitura, urteetan barna gorde eta garatu duguna. Irakasleen taldearen garrantzia eta maila-koordinatzailearen figura, besteak beste, izan dira horren isla.

Matrikulak berehala egin zuen gora eta eraikina zabaldu behar izan genuen. Lanak ikasleak ikastetxean zeudelarik egin ziren eta urte hartako anekdota franko ditugu. Pixkanaka, gure egoitza berriro gelditu zen txiki eta gela berriak ezarri behar izan genituen.

Orain, inguruko institutuen sorrerari esker, berriz itzuli gara hasierako lasaitasunera eta gure erroetara. Burlatako euskal institutua gara DBHko ikasleendako. Beraz, Ermitaberri IPrekin batera, D ereduko erreferentzia gara gure herriko irakaskuntza publikoan. Honez gain, Zubiriko Gloria Larraintzar IP eta Erroko San Esteban IPko ikasleak jasotzen ditugu. Gainera, Batxilergoko eskaintza zabala ere badugu, eskola-barrutiko zein kanpoko ikasleendako, gure ikastetxea atxikituak Pedro de Atarrabia DBHI eta Larraintzar DBHI direlarik.